-
-
1.401 m
622 m
0
2,1
4,3
8,59 km

Bisitak 240, kokapena 3

Nondik gertu Unanu, Navarra (España)

Beriainpunta mendiaren mendebaldeko aurpegian atentzioa deitzen duen arrakala bertikal bat dago: Bazkalaitz.

Bertara Unanu herritik iristeko ohiko bideetako bat hau da, mendiaren ipar horman dagoen Izozpeta pagadian gora doana. Hemen azaldutako ibilbidea beharbada ez da oso zehatza izango erloju baten GPSarekin grabatua izan delako.

Ibilbidea Unanuko elizaren ondoan hasi eta herria zeharkatzen duen GR-282 ibilbidea (artzaintza naturbidea) Uharte-Arakil norabidean hartu genuen, Beriainpuntaren muturra hegotik iparrera inguratuz. Hirugarren kilometro pasatxoan, mendi-lepo batera iritsitakoan, basoaren argiune batean GR-282 ibilbidea utzi eta basoan hego-ekialdeko norabidean doan bide nabaria hartu genuen, 10-15 metroen ondoren, eskuinera doan bidexka nabaria jarraituz.

Hemendik aurrera maldan gora hasi eta altuera azkar irabazi genuen harizti bat zeharkatu ondoren Izozpetako pagadian sartzeko. Bidexkak galtzeko arrisku handirik ez dauka eta tarteka mugarriak azaltzen dira.

Beriainpuntaren ipar hormara hurbildu heinean maldak gora jotzen du, batez ere bidean topatu genuen lehen harrikara bat zuzen igotzerakoan. Bigarren harrikara bat diagonalean zeharkatu eta Beriainpuntaren ipar hormaren oinera iritsi ginen. Hemendik aurrera bidea malgutu (zatiren batean maldan behera ere egin genuen) eta, hormaren ondotik, Beriainputaren muturra berriro ere inguratu genuen, oraingoan iparretik mendebaldera, Elketz belaztira lehenik eta Bazkalaitz arrailaren oinera ondoren iristeko.

Arrailaren eskuinean (Arbizutik begiratuta) dagoen lezeari bisita egin eta arraila eskalatu ondoren Beriain eta Beriainpuntara Unanutik doan ohiko bidetik itzuli ginen ibilbide zirkularrari amaiera emanez.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 8,5 kilometro.
- Punturik baxuena: Unanu, 640 metro.
- Punturik altuena: Beriainpunta, 1.420 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 765 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Unanu herrian (igoerarako) eta Iturtxiki iturrian (jaitsieran) ura hartu daiteke. Bi hauetatik aparte ibilbidean ez genuen urik topatu.
- Zailtasuna: Bideak galtzeko zailtasunik ez dauka bidegurutze eta galtzeko arriskua dagoen lekuetan mugarriak jarrita daudelako. Ibilbide osoko zailtasun teknikorik handiena Bazkalaitzeko arrakalan topatuko dugu. Bertako II eta III zailtasun mailako eskalada denbora eta mendizaleen joan-etorriek ederki leundutako harkaitzean egin beharko dugu. Kontuz arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Izozpetako igoera laiotza da, honegatik pentsatzen dut eguraldi txarrarekin, neguan edota bustia dagoenean lokaztu eta igoera ez dela makala izango.
- Eramandako materiala: Kaskoa eramatea ezinbestekoa da. Eskaladatxo errazetan trebetasuna izanez gero kaskoarekin nahikoa izango da baina, goian esan bezala, kontu handia izan arraila bustia badago, harkaitza oso labainkorra baita. Eskalatzen trebetasunik ez duen bakarren batekin joanez gero, 30 metroetako soka bat, hiru express zinta eta zinta pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: bi ordu eta hogei minutu atsedenak barne. Kontutan hartu ibilbidea oinez bizi egin genuela, Beriainpuntatik Iturtxikira korrika txikian jaitsiz.

INFORMAZIO ETA ARGAZKI GEHIAGORAKO

http://www.smithyrenbloga.com/2017/08/beriainpunta-izozpetako-bide-eta.html

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Nahi izanezkero edo ibilbide hau