Koordenatuak 379

Fecha de subida 9 de enero de 2013

Fecha de realización enero 2013

-
-
111 m
21 m
0
7,6
15
30,35 km

Bisitak 1188, kokapena 0

Nondik gertu Bilbao, País Vasco (España)

Abenduak 23 an Iñaki Lejarretari omenaldi erraldoi bat egin zitzaion. 8000 bat lagun elkartu ginen Guggenheimetik istripua gertatu zen tokirano, Iurretarano. Artikulu asko irakurri banituen ere gehien hunkitu ninduena KOIKILI LERTXUNDIK, KOIk, idatzitakoa izan zen. Horregatik, argitaratutako moduan doa.
Koikili Lertxundi:
http://www.itzarrikas.net/
2012-12-22
OHORE IÑAKI
Ohore lagun, ohore! Ohore zu ezagutzeko aukera izateagatik, mountain bike mundu erakargarria gertutik bizitzeko aukera eskaintzeagatik, ohore zu bezalako pertsona motarekin erronkak, ilusioak, momentu onak eta txarrak konpartitzeko baimena emateagatik.
Zure hilketak gogor kolpatu ditu gizartea, familia, lagunak eta ingurukoak, baita ni ere!
Futbol norgehiagoka latz baten aurretik izan nuen gertaeraren berri. Taldeko bazkarian zehar, zas! Urdailak ezetz esan eta jakien jarioa giltzaperatu zuen. Eztarria ere korapilaturik, atsekabea eta tristura nagusi! Denbora gelditu zen une batez, elkarrizketak zaratatsuak ziren, baina ez nuen ezer entzuten. Argirik eta hotsik gabeko tunel izoztuan sartu nintzen, egia zen edo ametsa? Ukitu batek atera ninduen burbuila beltzetik, eskuinean eserita zegoen taldekide baten besoak nire sorbalda inguratzean alegia. Laztan horrek aurki partida zinez garrantzitsua geneukala gogoratu zidan.
Hortaz, erronkari aurre egin behar nion, indarrak nonbaitetik ateraz, kontzentrazioa mantenduz. Zorionez behar bezala eutsi genion eta garaipena lortu genuen. Tristura motibazioan eraldatu eta zure irria lagun, zoriontasuna elkarrekin konpartitu genuen, zuri dedikatutako lorpen xumea baitzen! Zurea ere bada garaipena Iñaki, esan nion nire buruari, baita horrela sentitu ere!
Izan ere, orain urtebete ezagutu zintudanetik asko miresten dut zure nortasuna. Pertsona langilea, umila, diziplinatua, autokritikoa, bihotz onekoa eta bere etorkizunaz arduratzen den horietakoa zarelako, niri gustatzen zaizkidan horietakoak!
Bai horixe! Feeling berezia sortu zen gure artean, zure erronka pertsonalak eta profesionalak betetzen laguntzeko aukera emateak asko bete ninduelarik, baita nire lan kideak ere. Zure nortasunaren gaitasun eta gabeziak ezagutzea, hobekuntza bideak jorratzea, munduko kopako eta bestelako lasterketa apalagoak elkarrekin prestatzea, bideoak aztertzea, izandako erorketekin sufritzea, aurtengo sponsorrak lortzeko elkarlana, zure aitatasunaren berri izatea...ohore handia izan da lagun.
Astelehena iritsi zen eta inguruko hainbat emozio baretzen hasten zirenean, orduan atera ziren nireak. Mirandara bidean malkoen isuria etengabea zen ene aurpegitik behera, bihotz zartatuaren hemorragia geldi ezina! Kotxeko bidai lagunak hunkituta! Orain ere, letra hauek idaztean berriz malkoak, listua irentsi ezinik! Aste gogorra izan da, inpotentzia eta amorruz josia. Zergatik zuri eta zure etxekoei?
Berdintsua pentsatzen du pertsona ugarik, astelehenean Berrizera gerturatu ginenak, domekan omenaldia egingo dizutenak eta hantxe egon ezin diren askok. Salaketa nabarmena da, honek ezin du horrela jarraitu! Eztabaida antzuen gainetik, are antzuagoa da erruak bilatzeko orduan txirrindulariak eta kotxe gidariak maila berean jartzea, txirrindulariak beti ateratzen baitira kaltetuen. Hortaz, diskriminazioa noren aldekoa izan behar da?

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Si quieres, puedes o esta ruta