Koordenatuak 252

Fecha de subida 12 de marzo de 2016

-
-
1.282 m
503 m
0
2,9
5,7
11,44 km

Bisitak 624, kokapena 9

Nondik gertu Uribarri, País Vasco (España)

Aloña-Aizkorri-Aratz gailurreriak Euskal Herrian dagoen paisaiarik ederrenetakoa marrazten du, bai Gipuzkoatik bai Arabatik begiratuta. Kareharrizko gailur malkartsuez osaturik dago eta huen magaletan larrez betetako lautadak. Aloñako gailurrak ez dira 1500 metrora iristen eta bere auzokidea den Aizkorrirenak baino ezezagunagoak izan arren, mendilerro eder hau osatzen duten bost tontorrek bere ikuspegirik ederrena eskaintzen dute Oñati aldera amiltzen diren mila metroko hormetan. Aloña, Aloñamendi edo Gorgomendi da ezagunena, baina gertu aurkituko ditugu Arkaitz, Botreaitz, Kurtzezar eta Belaukoko tontor harkaiztsuak eta erakargarriak. Hauek guztiak lotzen dituen ibilbide honek lagunduko digu ingurune hau deskubritzen eta bertatik ikus daitekeen inguruaz gozatzen.

Gorgomendi
Urteagain jatetxearen aurreko aldean dagoen aparkalekuaren ezkerreko aldetik ateratzen den porlanezko pista utzita harrizkoari helduko diogu aldats gogorrari ekinez. Pinudian murgildu eta gero, bidegurutze batean eskuin aldera joko dugu pista bateraino igoz. Txabolak gure ezkerrean lagata basotik atera eta ekarritako bidea utziko dugu ezkerretik ateratzen den xenda segituz. Aldapa pikoak lehen izerdi tantak sortuko dizkigu eta aurrez aurre dugun Belauko tontor aldera zuzenduko ditugu gure urratsak. Gailurraren inguruan hainbat borda eta aterpe pribatuak daude. Metro batzuk gehiago igo beharko ditugu aurrerago ikusiko dugun antenaren ondora iristeko.
Amildegitik babesten gaituen harresia lagun, eskuinera Arantzazurantz zuzentzen den pista zabala utzi (itzulera bertatik egingo dugu) eta aurrez aurre dugun Gorgomendi gailurrera iristeko dugun 300 metroko desnibelari aurre egingo diogu. Belarrezko tapiz gozoak ibilera leundu eta erraztu egiten du eta ohartu orduko burdinazko gurutze erraldoiaren ondoan izango gara. Leon XIII. Aita Santuak, mende berriaren sarrera ospatzeko mendien gailurretan gurutzeak jartzea gomendatu zuen eta horrela, Aloñako gurutze hau 1901eko urriaren 13an inauguratu zuten eta hesi batez inguraturik. Gurutzearekin batera, antena txiki batek eta gutunontziak osatzen dute belarrezko tontorraren postala. Ibilbidearekin segi aurretik, merezi du talaia eder honetatik dagoen ikuspegiaz gozatzea, gertu eta urruti marrazten diren mendi ezagunen profila identifikatzen eta hauen magaletan barreiatzen diren herri eta baserriak seinalatzen. Hemendik aurrera soroa desagertu eta harkaitza da nagusi. Inguru hauetako informazio zehatza eta aberatsa Aloñako lagunen blogean aurkituko dugu (gurutzearen historia, konponketak, ospakizunak, Aloña literaturan, mitologia, gizakiaren aztarnak eta abar).

Arkaitz
Amildegia ezker aldean lagun, denbora gutxi beharko dugu Kurtzezarreko tontorrera igotzeko eta segidan harkaitz artean marrazten den zidorretik lepo txiki batera jaitsi eta berriro metro batzuk igo Botraitzeko gailurra zapaltzeko. Aloñako mendien artean altuena da eta bere izenak adierazten duen moduan, Putreen haitza litzateke, Araotzeko hormetan bizi diren putre askok inguru hauetan aurkitzen omen dute janaria. Gailurra atzean utzi eta Haitzarretako lepo aldera jaisten hasiko gara. Jaitsiera kontu handiz egin behar da bidea hautsia da eta. Lepora jaitsi orduko Arkaitzeko tontorrera igotzen hasiko gara ipar-ekialdeko aurpegitik, bertan aurkituko dugu igoerarik samurrena. Berehala izango gara Aloña mendilerroko azken mendiaren gailurrean.
Aizkorriko mendiak beste baterako utzita, abiapuntura itzultzeko Haitzarretako lepora jaitsiko gara berriro. Duruko zelaiak eta bordak dauden ingurura jaisten hasi eta erraz iritsiko gara Belauko aldera zuzentzen den pista zabalera. Bide erosoa jarraituz Gomiztegiko artzain eskolara jaisten den pista ezkerrera utzi eta Iriti-Aitz borden ondora ailegatuko gara. Bide leunak Gorgomendira igotzeko azken aldaparen ondora eramango gaitu Belaukora igotzeko erabili dugun bide berdinarekin bat eginez. Azken zatia gorakoan erabilitako bidean barna beteko dugu.


Ibilbide honen argazkiak eta beste batzuk gehiago ikusi nahi izanez gero:
http://askemikel.blogspot.com.es/2015/02/alonamendi.html

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Si quieres, puedes o esta ruta