-
-
912 m
516 m
0
3,7
7,4
14,79 km

Bisitak 94, kokapena 2

Nondik gertu Alzuza, Navarra (España)

ALTZUZA

Andazelai eta Aezkueta amildegien arteko muino batean dago Altzuza.

Iruñetik 8 kilometrora dago, eta 256 hektareako azalera du (horietatik zati handi bat, 89 hektarea, baso zurgaiak dira).

Gaur egun, guztira, 302 biztanle daude erroldatuta, eta herrigune txikian eta herriko etxebizitza-kopurua osatzen duten bi urbanizazioetan bizi dira, Errikotxiki eta Alzuza-2 urbanizazioetan. Hain zuzen ere, lehenengo urbanizazio hori eraiki izanak (1975ean) eta Altzuzako Andre Maria Madalenaren monasterioa moja beneditarren bizileku bihurtzeak eragin zuen herriak 70eko hamarkadatik aurrera izandako hazkunde demografikoa.

Bertan eraiki da sortzez gipuzkoarra izan arren Nafarroan bizi izan zen Jorge Oteiza eskultorearen eta bere obraren omenezko museo monografiko bat. Nazioartean ospe handia lortu zuen autore hau herrira etorri zen bizitzera, hain justu herria goi-mailako etxebizitza-eremu gisa hedatzen hasi zen momentuan. Urte horietan zaharberritu zuten bai Jorge Oteiza beraren etxea izandakoa (orain museo-etxe bihurtua), bai apaizaren etxea, gerora misiolarien etxe bilakatu zena Aita salestarren agindupean. Saenz de Oiza (1918-2000) arkitekto nafarrak (besteak beste, Iruñeko NUP eko eraikinaren eta Madrilgo BBVA bankuko egoitzaren egileak) diseinatutako eraikin baten barruan dago museoa. Artistaren obra-multzoa dago erakusgai; bere obraren garrantziaren ikuspegi osoa ematen dute lanok, baita bere lanen bidez zer helarazi nahi zuen adierazi ere.

Jada 1105. urteko dokumentu batean leku gisa aipatzen da Altzuza, herriak udal barrutiko mahasti bat Iruñeko katedraleko aterpetxeari eman ziola eta. Halaber, 1134. urte inguruan herriko eliza Orreagako Andre Maria ospitaleari atxikia egotera igaro zela aipatzen da agirietan. Dirudienez, 1268 aldera herri hau Eguesibarreko lekurik jendetsuena zen, Egues herria bera baino are jendetsuago (populazio bikoitza zuen). Alabaina, nobleziaren aginpidekoa zenez, eta ez koroaren menpekoa zuzenean, gerora etorri ziren krisien ondorioak gehiago jasan zituen, eta, beraz, mende eskasean populazioak nabarmen egin zuen behera.

Altzuzako parrokia-eliza XII. mendekoa da, eta San Estebani eskainia dago. Bere obrarik esanguratsuena XVI. mendeko erretaula nagusia da, barroko estilokoa; erretaularen barruan garai bereko sagrario erromanista bat ere badago. Baina, zoritxarrez, XII. mendeko tailu bat lapurtu egin zuten; ama birjina eserita ageri zen bertan, haurrarekin, eta garai erromanikoaren zurruntasun tipikoa adierazten zuen.

ELKANO

Nafarroako erdialdean dago Elkano, Iruñerrian hain zuzen. Eguesibarraren erdigune geografikoan, itsasoaren mailatik 505 bat metrora eta Iruñetik 10 bat kilometrora.

XVII. mendean eta XIX. mendearen hasieran populazioa egonkor mantendu zen. Biztanleek beren nekazaritza lanetan segitu izana da segur aski horren arrazoia, horrek landa-eremuan geratzera behartzen baitzituen biztanleak. Esan liteke 1960 arte biztanleriak nabarmen egin zuela behera. Nekazariek hiriburura jo zuten beren lurren etekin eskasaren ondorioz. 1970ean, ordea, populazioaren gorakada izugarria gertatu zen. Arrazoia sinplea da: urte horretan bertan Doloretako Andre Mariaren Mirabeak eskola zabaldu zuten, eta adimen urritasuna zuten 60-80 neska inguru eraman zituzten bertara.

Era berean, 1975. urtean populazioak nabarmen egin zuen gora, Leku-Eder urbanizazioa eraikitzearen ondorioz. Gaur egun ere biztanleriak hazten segitzen du, herrian bertan zein urbanizazioan txalet berriak eraikitzen ari baitira etengabe.

Gaur egun 202 biztanle ditu Elkanok: 81 gizon eta 121 emakume.

Arteari dagokionez, parrokia-eliza da eraikinik aipagarriena. Estilo gotikokoa da, eta XV. mendearen bukaeran edo XVI. mendearen hasieran eraiki zen. Gaur egun Garbikuntzaren parrokia izenaz da ezaguna; izan ere, bertako erretaula nagusiak eszena hori biltzen du: tenplura bidean ageri da Jesus, gurasoek garbikuntzaren erritu judutarra egitera eramaten dutela.

Garai batean Elkanon bi ermita zeuden, Santa Mariarena eta Santa Eufemiarena. Eliztarrak prozesioan joaten ziren ermita horietara urteko egun jakin batzuetan. Biztanleek ekaineko azkenaurreko asteburuan ospatzen dituzte jaiak, Arrosarioko Ama Birjinaren omenez.

Baina Elkanori buruzko deskribapen oso bat egiteko, Ubarmin Klinika aipatu beharra dago ezinbestean. Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko zentro hau traumatologia eta errehabilitazio arlotan espezializatua dago, eta egunero-egunero Nafarroako gaixo ugari joaten dira bertara.

IBIRIKU

Ibirikuk 68 biztanle ditu erroldaturik, eta Nafarroako hiriburutik 10,5 kilometrora dago. Eguesibarra zeharkatzen duen NA-150 errepidea hartu behar da bertara iristeko, Agoitzalderantz.

Herria zereal lursailez eta mendi txikiz inguratua dago. Mendi horietako nagusiena Urri da. Tontorrean 45.000 m²-ko zelaigune zabala du, eta batzuen ustez Burdin Aroko aztarnategi bat egon liteke bertan.

Historikoki, inguruko beste herriek ez bezala, hiribildu-maila izan zuen. Gerora, ordea, 1835-1845 arteko administrazio erreformaren ondorioz, kategoria hura galdu eta Ibirikuko Kontzeju bilakatu zen. Erreforma egin aurretik ibarreko diputatuak eta herriko errejidoreak (biztanleek aukeratua) gobernatzen zuten herrian.

Garai hartako herriko ekonomiaren eta bizitza sozialaren berri ematen diguten bi datu garrantzitsu dauzkagu.

Ibirikun joan den mendean irin-errota bat zegoen, segur aski Eguesibarren nagusi diren zereal-soroetatik elikatzen zena. Zentzuzkoa da beraz pentsatzea errota horrek ibarreko gainerako herritatik etekin handiko mozkinak ekartzen zizkiola herriari.

Halaber, eskola propioa zuen, eta garai hartan luxu bat zen hori. Eraikin horretan bertan inguruko beste 10 herritako haurrek ere ikasten zuten (Azpa, Erantsus, Elia, Etxalatz, Uztarrotz, Egues, Elkano, Sagaseta, Egulbati eta Altzuza). Hala ere, jakin badakigu 1847an Ibirikuk eta Elkanok maisu bera zutela. Maisua bi herri horietan bizi zen, txandaka, bi urtez herri bakoitzean, eta bi herrien artean ordaintzen zituzten haren gastuak. Dena dela, maisuak bere ikasleengandik ere ordainsariak jasotzen zituen.

Apur bat geroagokoa da Ibirikuko iturri-aska (1876. urtekoa). Oraindik ere herrigunean bertan dago, eta garai hartan erosotasun handia zen hura edukitzea herriko biztanleentzat.

Herriko zaindaria San Joan Batailatzailea da, eta haren omenez eraiki zen Ibirikuko parrokia. Tradizionalki santu horri eskaini zaizkio ekainaren 24ko ospakizunak, nahiz eta Ibirikuko jaiak gaur egun abuztuko azken astean ospatzen diren.

San Joan Batailatzailearen parrokiako lan erlijioso-artistiko guztien artean zilarrezko prozesio-gurutzea da aipagarriena, 1568koa. Lau urte geroago ebanjelisten irudiak eta beste santu batena gehitu zizkioten, horiek ere zilarrezkoak.

Iturria: Eguesibarreko Udala.

MENDIAN KONTUAN IZAN BEHARREKO AHOLKUAK:
• Arduraz ibili; mendian kontu gehiagorekin ibili behar dugu ez erortzeko eta istripurik ez izateko, bereziki haurrekin edo talde batekin baldin bagoaz.
• Errespeta ditzagun hegaztiak, fauna eta landaretza naturala.
• Ez dezagun alferrikako zaratarik egin eta goza dezagun soinu naturalak entzunez.
• Eramaten dugun guztia ekarri behar dugu itzuleran: zaborra, ontziak, etab.
• Natura zaindu dezagun, hurrengo belaunaldien mesederako.

2 iritzi

  • argazkia Ibiltari'75

    Ibiltari'75 03-ene-2019

    Ibilbide hau egin dut  Gehiago ikusi

    Ibilbide erraza Eguesibar ezagutzeko aukera ematen duena..
    Goiz batean egiteko.
    Gomendagarria oso.

  • argazkia Burlatarra

    Burlatarra 03-ene-2019

    Eskerrik asko Ibiltari'75!

Nahi izanezkero edo ibilbide hau