• argazkia Bardeak - Nafarroako basamortua?
  • argazkia Bardeak - Nafarroako basamortua?
  • argazkia Bardeak - Nafarroako basamortua?
  • argazkia Bardeak - Nafarroako basamortua?
  • argazkia Bardeak - Nafarroako basamortua?
  • argazkia Bardeak - Nafarroako basamortua?

Koordenatuak 846

Noiz igoa 27 de febrero de 2018

Noiz egina febrero 2018

  • Balorazioa

     
  • Informazioa

     
  • Erraza jarraitzeko

     
  • Ingurunea

     
-
-
476 m
320 m
0
2,3
4,6
9,1 km

Bisitak 408, kokapena 11

Nondik gertu Arguedas, Navarra (España)

OHAR OSO GARRANTZITSUA:
http://www.bardenasreales.es/noticias.php?id=352


Azken urteotan asko hitz egin da eskualde honi buruz, baina gehienetan bere paisaje bitxia edo aisialdia igarotzeko dituen aukerak aipatzeko besterik ez da izan. Hau dela eta, nahikoa inguru ezezaguna da, eta badago oraindik ere basamortua baino ez dela uste duenik. Errealitatea ordea, oso bestelakoa da, eta higadura handia jasaten duen eta landare-estaldura baxua duen leku ugari dagoela egia bada ere, oro har natur aberastasun handiko tokia da.

Bardeak Nafarroako hego-ekialdean kokatuta dagoen 42.500 ha-ko eta forma irregularreko eremu zabala dira. Ez dute gune populaturik beren baitan eta ez daude inolako udalerrira adskribatuta, historian zehar lortutako eskubideak direla eta ustiaketa Erret Bardeetako Elkartea osatzen duten herri eta udalerrien esku dagoelarik. Elkarte hau, Bardeen inguruan dauden Alesbes, Argetas, Azkoien, Balterra, Buñuel, Kapanaga, Kadereita, Kaparroso, Zarrakaztelu, Korella, Kortes, Faltzes, Funes, Fustiñana, Martzilla, Melida, Milagro, Santakara eta Tuterak, Olibako Monastegiak, eta Erronkari eta Zaraitzuko ibarrek osatzen dute, eta Bardeen jabe da 1980. urteaz geroztik.

Bardeetako ustiaketa-mota nagusia abeltzantza, eta bereziki artzantza izan da mende askotan, baina udazkena eta negua bertan igaroten duten ardien kopuruak beherantz egin du urteak igaro ahala, eta bereziki XX. mendean zehar. Aipagarria da, esate baterako, 1600. urtean 300.000 ardi baino gehiago edo 1854. urtean 163.400 buru zenbatu ziren bitartean, 1983. urtean 78.000 buru inguru baino ez.

Nekazaritzak aldiz, gorantz egin du XIX. mendeaz geroztik, eta gaur egun ia Bardeen azaleraren erdia (21.000 ha gutxi gorabehera) lantzen da. Hauetan gehienak, 20.000 ha hain zuzen, garia eta garagarra lantzeko erabiltzen diren sekain-lurrak dira eta abeltzantza dela medio ustiaketa-erregimen berezia dute, urte batean landu diren lursailak hurrengo urtean landu gabe utzi behar direlarik.

Ustiaketaz hitz egitean ezin ahaz dezakegu Defentsa-Ministraritzak 1951. urteaz geroztik eta 2001. urterarte alokatuta duen 2.000 ha-ko tiraketa-eremua. Eremu hau Espainiako eta EEBBetako hegazkinek erabiltzen dute eta gaur egun koartel bat ere badu bere baitan.

Klimari dagokionez, Bardeetako klima mediterraniar kontinentala dela kontsidera dezakegu. Plubiositatea eskasa izaten da (batezbeste 400-450 mm ur biltzen dira urtean) eta oso aldakortasun handia dago urte batetik bestera. Gainera oso egun gutxitan egiten du euria (urteko batezbestekoa 60 egunekoa da), egiten duenean eurijasa bortitzak bota ohi dituelarik. Haizeak, batez ere ziertzoak (ipar-ekialdeko haizeak), oso maiz jotzen du eta honen eta udako tenperatura altuen eraginez ebapotranspirazioa oso handia izaten da. Ondorioz, uda beroa ezezik lehorra izaten da, ur-defizit nabaria egoten delarik. Negua aldiz, lehorra baina nahikoa hotza izaten da, eta aski arrunt dira izozteak.

Jatorri geologikoa eta geomorfologia

Bardeak, Ebroko Depresio deritzon unitate geologikoaren iparraldean kokatuta daude. Depresio hau Tertziarioko orogenia alpetarrean sortu zen, Pirinioek eta Iberiar Mendikateak gora egitearen ondorioz Ebroko blokea hondoratu zenean. Bardeak, Eozenoaren amaieraz geroztik (duela 38 milioi urte) eta Koaternarioaren hasiera bitartean aipatu mendikate hauetatik higatu eta bertara garraiatu ziren materialez (buztin, igeltsu, harearri, kararri eta konglomeratuez) osatuta daude. Material hauek, Ebroko arroa osatzen zuten ibai eta lakuetan jalki ziren eta geruza sedimentario erdi-horizontalak eratu zituzten. Dena den, zenbait kasutan, geruza hauek Ebro ibaiak eta honen adarrek Koaternarioan zehar eratutako ibai-terraza eta glazisen (ibai-terraza eskegien) azpian gelditu dira.

Bardeetako geomorfologiaz hitz egitean, ezinbestekoa da prezipitazio-erregimenak izan duen garrantzia aipatzea; eurien intentsitate handiak sekulako garrantzia izan baitu bertako ezaugarri diren karkaba, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekukoen eraketan. Lehenengoak, eurijasen ondorioz eroritako urek material bigunak (limoak eta buztinak) higatzean sortutako sakan estuak dira. Ertz malkartsuak izaten dituzte, eta etengabe aldatzen eta hazten ari dira. Sorgin-tximinia eta muinoak berriz, gogortasun handiko materialez (harearri edo kararriz) osatutako geruzen babesa dela eta higatu gabe gelditu diren buztinezko mendiskak dira. Hauek normalean taula-forma dute eta sarritan oso malkartsuak dira.

Bertako heterogenotasuna kontutan hartuz, hiru unitate paisajistiko argi bereizten dira Bardeetan. Iparraldekoa, El Plano izenekoa, Aragoa ibaiaren ibai-terraza eskegi edo glazisa da; gaur egun ibaia bera baino 130 m gorago dagoena. Meseta horizontalaren forma dauka eta ez du higadura nabaririk jasan. Honen hegoaldean eta hainbat ezponda eta labarrez bereizita, Bardea Zuria dago. Bigarren hau karkaba, trokarte, sorgin-tximinia eta muino lekuko ugariz jositako higadura-depresio handia da, eta bere erliebe eta egitura bitxiak direla eta bardea guztiko lekurik ezagunena da seguraski, izena udako ebaporazioaren ondorioz azaleratzen den gatzaren koloretik datorkiolarik. Azkenik, Bardea Zuriaren hegoaldean kokaturik, egitura-plataforma eta muino lekukoz osatuta dagoen Bardea Beltza dago.

Landaredia

Bardeetako landaretza primitiboa karraskala izan zen seguraski, eta El Plano-n eta Bardea Beltzean hazten zen, baina nekazaritzarako egokiak ziren lurretan hazten zenez, gaur egun ia guztiz desagertu da, zenbait lekutan antzinako basoaren lekuko den artea ( Quercus rotundifolia ) bakanen bat gelditzen delarik. Dena den, faktore klimatiko edo edafikoen gogortasuna dela eta, zenbait tokitan ezin da karraskarik hazi, leku hauetan pinudiak, abariztiak edo askoz ere baldintza gogorragoak jasan ditzaketen beste hainbat komunitate hazten direlarik.

Jasaten duten higadura handiaren eragina dela eta, karraskalak mantentzeko gai ez diren leku malkartsuetan pinudia da komunitate nagusia. Gaur egun pinudia Bardea Beltzean eta Eguaraseko natur erreserban hazten da batez ere, eta karraskalak ia guztiz desagertu direnez, Bardeetako baso-mota bakarra da.

Bertako espezie nagusia Aleppo pinua ( Pinus halepensis ) da. Pinu hau oso arrunta da eskualde mediterraniarreko leku idorretan eta lurzoru gazietan ezik edozein lurzoru-motatan hazteko gai da. Oso ongi jasaten ditu Bardeetako lehorte eta beroak, baina oso sentikorra da izozteekiko, eta ondorioz leku epel samarretan soilik hazten da.

Nahikoa baldintza edafiko gogorretako lekutan hazten denez, baso honek ez du oso zuhaitz-geruza jarraia osatzen, eta ondorioz, soilune ugari izaten ditu. Soilune hauetan sastrakadi mediterraniarrean oso arrunt diren hainbat zuhaiska eta muluz osatutako zuhaiska-geruza bat hazten da, bertako espezie nagusiak, abaritza ( Quercus coccifera ), ena arrunta ( Rhamnus lycioides ), hego-ipurua ( Juniperus oxycedrus ), sabina feniziarra ( Juniperus phoenicea ), legeltxorra ( Pistacia lentiscus ) eta erromeroa ( Rosmarinus officinalis ) direlarik.

Aipatu landare hauek, Eskualde Mediterraniarrean hazten diren beste askok bezala, leku idorretan bizi ahal izateko oso aproposak diren zenbait moldaera izaten dituzte, hala nola ura galtzea ekiditen duten kutikula lodiko hostoak izatea (esklerofilia), oso hosto txikiak edukitzea edo hauek guztiz desagertu izana, hostoetan eta beste zenbait ataletan argia isladatzen duten ile ugari izatea, eta abar.

Belar-geruza aldiz, gramineoz eta beste hainbat landare belarkaraz osatuta egoten da, arruntenak Brachypodium retusum eta Koeleria vallesiana gramineo bizikorrak direlarik.

Zenbait kasutan ordea, ez da pinurik hazten edo hauek oso gutxi dira. Kasu horietan abariztia da komunitate nagusia. Komunitate hau sastrakadi dentso eta altu samarra da eta bertan aipatu berri ditugun abaritz, legeltxor, sabina eta abarrez gain, gartxu hostoestua ( Phillyrea angustifolia ), karraskila ( Rhamnus alaternus ), elorri-triska ( Genista scorpius ), eta beste hainbat zuhaiska eta mulu aurki ditzakegu, kasu honetan ere, gramineoz eta beste hainbat landare belarkara mediterraniarrez osatutako belar-geruza agertzea arrunta delarik.

Fauna

Bardeetako fauna, nahikoa dibertsoa izateaz gain, garrantzi handiko hainbat espeziez osatuta dago, hauetako batzuk Euskal Herrian, eta baita Penintsulan ere, oso gutxi direlarik.

Anfibioak Bardeetan zehar sakabanatuta dauden putzu eta urtegietan soilik aurki ditzakegu. Ugariena igel arrunta ( Rana perezi ) da, eta honekin batera apo ezproiduna ( Pelobates cultripes ), apo pikarta ( Pelodytes punctatus ), apo arrunta ( Bufo bufo ) eta apo pintatua ( Discoglossus pictus ) ere badaude. Kaudatuen artean berriz, uhandre marmolairea ( Triturus marmoratus ) eta uhandre palmatua ( T. helveticus ) ditugu.

Bardeetako hegazti aipagarrienetako batzuk ingurune esteparioetara moldatuta dauden hainbat espezie ditugu. Ingurune honen berezitasun nagusia tamaina handiko landareen babesik eza denez, bertako espezieek egoera honi aurre egiteko baliagarri zaizkien hainbat moldaera garatu dituzte.

Narrastiei dagokienez, dentsitate handitan agertzen ez diren arren, hauen espezie-kopurua handi samarra da. Sugandiletan txaradi-sugandila ( Psammodromus algirus ) eta sugandila iberiarra ( Podarcis hispanica ) ditugu, eta sugetan berriz, Montpellierko sugea ( Malpolon monspessulanus ), eskailera-sugea ( Elaphe scalaris ) eta suge biperakara ( Natrix maura ), azken hau urtarra denez, putzu eta karkabetan bizi ohi delarik. Hauez gain, aipagarriak dira gardatxoa ( Lacerta lepida ) eta eskinko hiruhatza ( Chalcides chalcides ).

Bardeetako hegazti aipagarrienetako batzuk ingurune esteparioetara moldatuta dauden hainbat espezie ditugu, hala nola, ganga azpizuria ( Pterocles alchata ), ganga azpibeltza ( Pterocles orientalis ), atalarra ( Burhinus oecdiemus ), Nafarroan gelditzen diren basoilo handi bakarrak ( Otis tarda ), honen ahaide den basoilo txikia ( Otis tetrax ), etab.

Iturria: Elhuyar aldizkaria - Jon Larrañaga (moldatua) 1992/12/01

2 iritzi

  • argazkia Ibiltari'75

    Ibiltari'75 27-feb-2018

    Ibilbide hau egin dut  Gehiago ikusi

    Nafarroan, paisaia zoragarria duen parajea.

    Guztiz ezberdina.

    Ezinbesteko bisita.

  • argazkia Burlatarra

    Burlatarra 28-feb-2018

    Eskerrik asko Ibiltari'75!

Nahi izanezkero edo ibilbide hau