-
-
597 m
28 m
0
23
46
92,14 km

Bisitak 1660, kokapena 81

Nondik gertu Durango, País Vasco (España)

DURANGALDEA inguratzen duen ibilbidea.
5 Etapatan egiteko
Ibilbidearen etapak: 86 kilometro 5 etapatan:

------1. DURANGO - ATXONDO: 17 km. 5 ordu. Erraza.------

Durango (100 m.) - Mañaria (200 m.) - Gatzagieta (600 m.) - Atxarte (300 m.) - Sagasta (400 m.) - Axpe (200m.) - Atxondo (150m.)

HASIERA: Etapa hau Durangoko Tabira auzoan hasten da. Tabira da Durangoko uribilduaren izen zaharra eta ibilbidean Tabirako San Pedro elizatik igaroko gara. Eliza hau Bizkaiko eliza zaharrenetakoa da.

Ibaizabal ikastola / ostatuaren atzeko aldean dagoen Artabillako bidea hartu behar da ibilbidea hasteko.

Hasierako bost kilometroetan pista erraz batetik goaz eta ondoren malda txiki batetik behera Mañariaraino jaisten gara. Mañariara heldu orduko, Izurtzako Etxano auzoan ibilbide honen beste adar bat hartu genezake Atxartera zuzen joateko (Abadiño). Atxartera heldutakoan Alluitzeko hareharrizko mendigunea inguratu eta, aldatz txiki bat igota, Sagasta auzora heltzen gara (Abadiño). Atxarteko haitzartea beti izan da ibarrera sartzeko atea.
Arboladien artean doan beste pista eroso bat hartuta, Atxondoko ibarreko zelai berdeetara heltzen ari gara. Santiago auzoan (Arrazolarako bidea hasten den lekuan) antzinako meategietako trenbidearen lekuan egin dan bidegorritik Apatamonasterioraino helduko gara.

--------2. ATXONDO - ELORRIO - BERRIZ: 8,5 km. 3 ordu. Erraza.---------

Atxondo – Elorrio - San Agustin Etxebarria (150 m.) – Berriozabaleta (320 m.) – Miotako gana (220 m.) – Leiz (320 m.) – Murgoitio (300 m.) – Berriz (150 m.)

Ibilbideko etapa laburrena izan arren, bere 9 kilometrotan toki ikusgarri asko ditu: baserri giroko auzuneak, baseliza ezkutuak, galtzada zaharrak, Erdi Aroko nekropoliak...
Trenbide zaharraren bidean egin dan bidetik pare bat kilometro eginda, errepidearen ondoan oinezkoentzat prestaturiko bide batetik beste apur bat ibili ondoren heltzen gara Elorrioko San Agustin Etxebarrira. Han bide harriztatu bat hartzen dogu eta gero errepide txiki batetik Arauneta auzora igoten hasten gara.
San Agustin auzoan galtzada zahar bat aurkituko dogu, alboan bere burdin bidea dabela. Galtzadan gora abiatzen gara irripa txiki bat igota Berriozabaleta auzora.

Elorriotik Berrizera doan errepidea zeharkatuz Leiz auzorantz goaz.
Hango baselizaren ondoan aurkitzen ditugun iturri eta mahaiek gonbitea egiten dute geratu eta zerbait jateko. Leizen San Lorenzo baseliza eta ura hartzeko iturria topatuko ditugu.

Bide honek adar oso berezia du: Leizetik Elorrioko Zenita eta Argiñeta auzoetara eramango gaituena. Adar honi jarraiki, Elorrioko Argiñeta Nekropolia iritsiko gara. Hilobiok San Adrian baselizaren ondoan dago. Bertan Euskal Herriko hilobi eta estela ederrenetakoak mantentzen dira, VII. eta IX. mendeko aztarnak hain zuzen ere. Oso gertu, Zenita auzoan uratsezko iturria dago, antzina Bainu Zaharrak izenez ezagutzen zen bainuetxeen ondoan.
Miotako San Bartolome baselizan nekropoli txikia eta barrukaldean zur polikromatuak ikustekoak dira.
Hortik aurrera bidea irripa txiki bati jarraituz, jaisten da Berrizeruntz. Herrira orduko Murgoitio auzoko San Juan baselizan geratu gaitezke begiei gozatu bat emoteko aurreko hatx ederrei begira. Beste galtzada bat harturik minutu gutxiren buruan Berrizko kale artean aurkituko gara.

----------3. Berriz-Garai. 15 km. 4,5. Erraza---------

Berriz- San Migel Zaldibar (200 m. )- Goierri (320m.)- Zengotita (400 m.)- Done Kristobal (500 m.) – Andikoa Berriz (300 m.) – Garai (350 m.)

HASIERA: Etapa hau Berrizko herrigunean hasiko dogu, trenbidearen ondoan, aldatzean gora goazela Iturritza kalean eskumatara hartzen eliza alde batera utziaz. Berrizen Markesaren jauregia ikusiko dogu, gaur egun Berrizko Udaletxea den jauregi ederra. Herria inguratzen dogu arbola artean doan bidezidor batetik eta kanposantura heldukeran galtzada hartuko dogu Olabe auzoraino, handik gero Zaldibarko erdi aldera joateko. Olabe auzoak baditu hainbat txoko eder, baserri ikusgarri, errekasto eta geldialdia egiteko iturria ere.
Herria zeharkatu eta Garitaonaindia dorretxearen parean (industrialde berriaren ondoan) bidezidor bat hartzen dogu Santa Marina baselizaraino igotzeko. Han, N-634 errepidea zeharkatzen dogu ganeko pasabide batetik eta Mallabiako Zengotita auzora abiatuko gara. Hemendik Mallabiko ibar osoa izango dogu gure oinetan eta begi bistan. Apurtxo bat lehenago, Aretxu auzoan, Mallabirako bidea hartu geinke gura izan ezkero.
Puntu horretatik hasiko gara igoten San Kristobal Txikiko baselizaraino, eta han bidea beharantza hasten da Berrizko Andikoa auzo ederrera iritsi arte. Andikoatik Durangaldeako hatxen ikuspegia ikaragarri ederra da. Bertan Andikoako Andra Mariren Santutegia ikusiko dogu.
Hortik aurrera errepide estu batetik sigi-saga zeharkatuko dugu Sarria auzoa bere baserri eder, erreka, ur-jausi, errota eta zentral elektrikoen artean, ibarraren beheko aldean. Sarriatik goruntz egingo dogu bidean. Azkenean, Garaira iritsiko gara uraren murmurioa belarrietan itsatsirik dugula. Garaitik Durangaldeko ikuspegi ia osoa eta ederra da.


------------4.GARAI - ZORNOTZA: 16,5 km. 5 ordu. Erraza. -------------

Garai – Maguma (500 m.) – Lasiar (410 m.) Oromiño (110 m.) – Dudea San Migel (90 m.) – Derandain (160 m.) – Amorebieta-Etxano (120 m.)

Garaiko tontorretik ikusten dan azpiko ibarrean begiei gozatua emon eta gero, Garaiko udaletxe ondoan dagoen eskuma aldetik doan bidea hartu eta laster izango gara basoko galtzada zahar batean, lehenengo pagoz inguratuta. Gertu, Trumoitteko kastroa kokatuta dago. Kristo aurreko barruti gotortu baten aztarnak geratzen dira bertan. Horma zati bat geratzen da zutunik.
Garai Durangaldeko herririk xarmangarrietarikoa da. Bertoko baserriak, jendeak, ohiturak eta ikuspegiak izan ziren inspirazio iturri Zubiaurre margolari anaientzat XX. mendearen hasieran.
Asfaltatutako bide batetik apur bat ibili ondoren aisialdi gune bat utziko dugu atzean eta aurrera jarraituko dogu ibilbide honetako toki ikusgarrienetako batera heldu arte: Magumako atariko galtzadaren aztarrenetara. Magumako ataria Durangaldeko ibarraren eta kostako portuen arteko komunikabide-sareko gune estrategikoa zen. Galtzada garrantzitsu honen zati bat oraindik ikus dezakegu, konponduta dagoelako.
Hortik aurrera estarta ixil eta eroso bat hartzen dogu eta pinu artean jaisten gara lurretako Oromiño auzune xarmangarria. Lasiargo landan haretxen azpiko harrizko aulkietan Iurretako Kofradien ordezkariak urtean behin bertan esertzen dira jaiak ospatzeko. Iurretako Oromiño auzoan urak hain ugariak zirenez, antzina errotak eta burdinolak ugariak ziren bertan. Gaur egun oraindik Erdiko Errota baserriko harriek artoa eihoten dabe.
Atzean isten doguz Oromiñoko baserri eta errotak. Harlauzazko zubi baten gainetik igaro eta erreka zeharkatuko dogu. Orduan, kostarako errepidearen ostean beste bide bat hartzen dogu Dudea San Migel auzora (Amorebieta-Etxano) joateko. Auzo hori errepide nagusiaren ondoan dago eta bertan jatetxe baten mokadua hartzeko moduan izango dogu. Dudeako San Migel baseliza XIII.mendekoa da, baseliza benetan ederra da.
Aurrera eginda eta aldatz txiki batetik gora eginez, Derandain auzora iritsiko gara. Handik aurrera Amorebieta-Etxanora jaisten hasiko gara. Indarrak geurekin baditugu, herriko kale artetara iritsi aurretik Etxanoko bidea hartu eta auzo txiki xarmangarri honi bisita egitea. Etxanoko herri gunean XVI. mendeko Andra Mari eliza ederra ikus dezakegu, gotiko eta berpizkunde estiloak loratzen dutena.
Ibilbide honetan Ibaizabal errekarekin topo egingo dogu. Kantauri itsasora doan ibai honetara isurtzen dira ibarreko erreka guztien urak.

------------5. Amorebieta-Etxano-Durango: 17 km. 5 ordu. Erraza.-----------

Amorebieta-Etxano- Belatxikieta (600 m.)- Betsuen – Gibela (320 m.) – Santa Luzia (380 m.) – San Andres (250 m.) - Durango (100).

Biztanle gutxi duten parajeetatik igarotzen da GR-229 Mikeldi puntu ia denetan. Hala ere, etapa honek alkarregaz lotzen ditu Durangaldeko bi herri handienak: Amorebieta-Etxano eta Durango.
HASIERA: Etapa Amorebieta-Etxanoko erdialdean hasten da. Etapa hasi eta laster bidean aurkituko dogu presa bat, ur putzu eta harizti txiki bat. Aldatzari ekin aurretik, geure burua bertan freskatu desakegu.
Beroketa egiteko lur lauan paseo atsegin bat egin ondoren, Aramotz mendigune karstikorantz igoten daben pista hartuko dogu eta gero handik urten eta pìnu artean doan lasterbidea hartuko dogu. Laugarren kilometroan Ametzuko metal-iturria opari gozoa topatuko dogu. Handik laster, elurtegi eta izotz lantegi zaharra ikusiko ditugu.
Jarraitu bertatik beste 4,5 kilometro eta Belatxikietako landetara iritsiko gara. Momentu honetan 661 metro altuko gailurrera iritsiko gara. Ibilbide honetako punturik altuena delarik. Leku atsegina da atseden hartu eta mokadutxo bat hartzeko, izotz-lantegi zaharraren ondoan.
Belatxikieta: lehen artzain bordak zirenak, orain mendiko aterpeak dira. Loiolako San Inazio baseliza, 1949koa, leku ona da geratu eta zerbait jateko.
Beste kilometro batzuk oinez bete ondoren, Betsuen aldera joko dugu. Gero, behera eginez, Gibela puntura iritsiko gara.
Hemen basoko estarta bat hartzen dogu; hasieran laua da baina gero goruntz egiten hasten da Santa Luzian ia Mugarra ukitu arte. Orozketatik aurrera porlanezko pista hartuta Santa Luzia baselizara iritsiko gara. Orozketatik gertu San Andres baselizatik Durangaldeko ikuspegi ederra eta bukolikoa begien aurrean izango dogu. Handik aurrera Durangora jaisten hasten gara eta bidean Neberondo izeneko izotz-lantegi zaharra eta ondoko meategia bisita dezakegu. Dukebaso bidegurutzean komeni da apur bat desbideratzea eta goruntz doan pista hartuta goiko edurtegia eta burdin meategi zaharra bisitatzea merezi du. Gure azken etapa hau Durangon amaituko dugu, historiak eta ondarez beteriko udalerria bera. Durangoko Alde Zahar ederrak merezi du bertan egitea osteratxoa.

DURANGALDEKO MENDIETATIK BESTE IBILBIDE BATZUK:

ANBOTO KM BERTIKALA

IPIZTE INGURUA

AXPE - SORGINEN LASTERKETA

IURRETA - DURANGO - URKIOLA - SAIBI - LEUNGANE

UNTZILLATX

ELORRIO - UDALAITZ

GALTZADA ARRAZOLA ARAMAIO

ANDASTO

Ver más external

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Si quieres, puedes o esta ruta