Denbora  7 ordu 19 minutu

Koordenatuak 1319

Noiz igoa 4 de marzo de 2017

Noiz egina marzo 2017

-
-
380 m
8 m
0
4,7
9,4
18,82 km

Bisitak 413, kokapena 9

Nondik gertu Akartegi, País Vasco (España)

Sarrera
“Talaia” izena jarri diote oinezkoentzako Hondarribia eta Saturraran artean egokitu nahi duten ibilbide luzeari. Gipuzkoako kostaldeak natura eta paisaia aldetik sekulako indarra eta garrantzia duen ingurune bat dela gauza jakina da eta erliebe ikusgarria duen paisaia honetan babestutako espazio naturalak aurkituko ditugu, baita geologiaren ikuspuntutik bereziki interesgarriak diren guneak. Dagoeneko proiektu honen lehen zatia atondu dute, Hondarribia eta Pasai Donibane lotzen dituena hain zuzen.
San Telmo gaztelutik Bioznar lurmuturreraino doan zatia bete dugu, itsasertzaren ondotik doan xendan barrena. Ondoren, Pasaiara doana utzi eta Guadaluperantz jo dugu Artzuko portuaren ingurutik abiapuntura itzultzeko.

San Telmotik Artzuko portura
Hondarribiko kai berritik abiatu gara bide-seinaleek erakusten diguten norabidean. Maldan gora hasi bezain laster, errepidea utzi eta bidezidor landua hartu dugu. Labarren gainean dagoen San Telmo gazteluaren (Piraten gaztelua ere deitzen diote bertakoek) ondotik pasatzean gogora ekarri dugu Txingudiko badian gertatu ohi ziren kortsarioen istorioak. 1598 urtean eraiki zen gaztelu hau, batik bat Kantauri itsasoan ugariak ziren korsario britaniarren erasoen beldur, itsasontzien ainguratze guneak babesteko.
Aurrera jarraituz, istorio hauek eta beste asko jasotzen dituzten argibide-taulak aurkitu ditugu. Lehena irakurri ostean, Asturiaga badiaren gainetik zabaltzen den bidea jarraituz Higer lurmuturraren ondora heldu gara. Itsasargiaren ondotik igaro, kanpina eskuinera utzi eta pistan barrena abiatu gara. Ur-araztegia gertu, landutako bidezidorrera itzuli gara eta ez dugu utziko Bioznar lurmuturreraino iritsi arte.
Bide erosoak Kapelaundiko kaletaraino eraman gaitu. Bidea gorabeheratsua da eta erritmoa aldatu gabe paisaiaz gozatuz aurrera egin dugu. Artzuko erreka itsasoratzen den lekua zeharkatu eta izen bera duen toki ezagunera heldu gara, Artzuko portura hain zuzen. Hondartzatik gertu Artzuko errota zaharraren hondakinak ikus zitezkeen, baina 2005. urtean Hondarribiko Udalak horiek eraistea erabaki zuen.

Artzuko portutik Bioznar lurmuturrera
Uda sasoian arrantzale nahiz bainuzale asko elkartzen den leku eder hau atzean utzi eta malda gora abiatu gara. Marlako belardi zabal eta leunetara iristean ikuspegia erabat aldatu da. Batzuk “Euskal Irlanda” deitzen dioten inguru honetan abereak han-hemen bazkatzen ikusi ditugu. Gustura zeharkatu ditugu labarretaraino hedatzen diren zelai berdeak, ezker-eskuin zabaltzen zaigun ikuspegi ederraz gozatuz.
Kapelu, Urrillo, Zanbullo eta Limaputzuko haitz eta kala txikien gainetik ibiliz gertu ikusi dugu Bioznar lurmuturra, baina lehenago Laondoko portura jaitsi gara. Azken malda txikia gainditu eta Kantauri itsasoan gehien barneratzen den lurmuturraren gain aldera ailegatu gara. Mokadu bat jan eta zintzurra freskatzen dugunean bitartean atseden txiki bat hartu dugu paraje eder hauei so.

Bioznar lurmuturretik Guadalupera
Martxan jarri eta berehala ohartu gara hondar eta hartxintxar horiz atondutako bidezidorra bukatu dela, baina bide-seinaleek erakutsi digute jarraitu beharreko bidea. Labarreratik urrundu eta belardian zehar maldan gora igotzen hasi gara. Pista zabala jarraitu dugu eta pinudi txiki baten ondora heltzean, Pasaira doan bide balizatua utzi dugu aurrean dugun malda pikoari helduz. Berehala iritsi gara goi aldean dagoen pistara eta hau ezkerretik jarraituz errepidera atera, hau gurutzatu eta beste aldean dagoen ataka gainditu ondoren, maldan gora jarri gara Erramuzko dorrera iristeko malda motz baina pikoari aurre eginez.
Dorrea atzean laga eta gandorrean zehar Guadalupeko baselizara jaitsi gara. 1526ko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz; izan ere, Joan Sebastian Elkano itsasgizonak urrezko sei dukateko dohaintza egin zion baseliza horri. Ermita, tradizioak dioenez, bi umek Ama Birjinaren irudia aurkitu zuten tokian bertan eraikita dago. Lehenego eliza XVI. mendekoa da, baina historian zehar hainbat alditan suntsitua izan da. Gertu, 1900 urtean eraiki zen San Enrique gotorlekua, Txoritokieta eta San Markosekoarekin batera muga zaintzeko eta karlisten altxamenduak saihesteko eraikiak.

Guadalupetik Higer lurmuturrera
Gotorlekuaren paraleloan doan errepidetik Artzu baserri aldera jaitsi gara. Ezkerreko zein eskuineko bideak hartuta Artzuko portutik datorren pistara eramango gaituzte. Pista hau zenbait tartetan urrundu egiten da itsasertzeko bidezidorretik, baina maiz oso gertu daude eta horrek nahi dugun bidetik abiapuntura itzultzeko aukera eman digu. Pistatik itzultzea aukeratuz gero, luzeagoa da baina nahikoa laua. Kanpinera iritsi aurretik biak elkartu egiten dira eta Higer lurmuturraren gainetik igaroz kaira jaitsiko gara.
Higer itsasargia
Kapelaundi
Artzuko portua
Marlako zelaiak
Laondoko portua
Biosnar lurmuturra
Guadalupe

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Nahi izanezkero edo ibilbide hau