-
-
1.244 m
616 m
0
4,7
9,4
18,71 km

Bisitak 139, kokapena 4

Nondik gertu Iribas, Navarra (España)

ARALARKO SAN MIGEL SANTUTEGIA

Mila urtetik gorako historia duen santutegia da "San Miguel in Excelsis", Aralar mendian eraikia, Artxuetako tontorraren ondoan. Kasko horretatik ikuspegi zabala bezain ederra dago, ikusgarria benetan. Barnean, erretaula erromaniko bat aurkituko duzu, Europako esmaltegintzaren lanik gorena. Lekua herensugea eta Teodosio Goñikoren elezaharraz mintzatuko zaizu, iragan karolingiarraz, trikuharrien behinolako garaiez. Iraganeko eraikuntza horiek hantxe segitzen dute zelai eta pagadi ederren artean barreiaturik.

San Migel santutegia hiru nabeko tenplu soila da, lau tartetan banatua, Aralar mendian. Leku estrategikoan dago, Artxueta mendiko tontorraren ondoan. Lekunberritik abiatzen da haraino iristeko errepidea eta ikuspegia ederra da benetan: Sakana osoa, San Donato mendia, bai eta Urbasa eta Andia mendiak ere. Hegoaldetik mendi-pista bat abiatzen da goraino, Uharte-Arakiletik zehazki.

Gaur egungo tenplua XII. mendearen lehen erdian eraiki zuten, XI. mendearen hasierako eraikin erromaniko bat handitzeko. Eraikina soila da eta ia ez du apainketarik. Kapera 1170etik 1180ra eraiki zuten, eta ateetan eta epistolako absidean dauden apainketa batzuk garai hartan egin zituzten.

Mundu erdian ezaguna da santutegia, bere erretaula dela medio. Artelan hori bi metro luze da, altueran 1,14 du eta tenpluaren presbiterioan dago. Arte erromanikoaren maisulan hau esmaltez eta harri-kristalez osaturiko aurrealde bat da, XII. mendearen hasieran egina. Eric "belgikarra" lapur ospetsuak lapurtu zuen erretaula 1979an. Lapurtutako 18 dominetatik eta 286 harribitxietatik 16 eta 191 berreskuratu ziren, hurrenez hurren, 1981etik 1985era. Erretaula zaharberritu eta Santutegira itzuli zen 1991n.

Santutegiaren barnealdean ere San Migelen irudia dago, XVIII. mendeko erlikia-ontzia, zilarrezkoa eta urretan bildua. Goi-aingerua da, hegalak zabalik dituela. Besoek buru gainean eusten diote gurutzeari. Barnean zurezko tailu bat dago -erlikia- eta, tradizioaren arabera, aingeruak berak utzi zuen toki horretan. Irudia udaberri oro bidez bide eta herriz herri ibiltzen da Nafarroan, eta auzokideek eta agintariek ematen diote ongietorria.

San Migel Nafarroako izpiritualtasun-gunerik ezagunenetakoa da eta elezahar askoren kabia, esaterako, Goñiko Teodosiorena. Izan ere, Teodosio Goñerrian (Nafarroa) bizi omen zen eta eskualde hartako jauna zen. Arabiarren aurka borrokan aritu ondoren, bidean ermitauz mozorrotua zegoen deabru bat topatu zuen. Deabruak esan zion emaztea morroi batekin engainatzen aritu zitzaiola. Etxera iristean, Teodosiok ezpataz hil zuen bere ohatzean zetzan bikotea, bere gurasoak zirela ohartu gabe. Aita Santuak penitentzia jarri zion, hots, mendietan alderrai ibili beharko zuen, bizkar gainean gurutzea eramanik eta katez lotua, harik eta kateak hautsi arte. Aralar mendian zebilela, behin batez herensugea agertu zitzaion eta Teodosiok San Migelen laguntza eskatu zuen. Aingeruak herensugea hil eta Teodosioren kateak hautsi zituen. Han bertan, Teodosiok santutegia eraiki zuen. Kateak hantxe daude eta San Migelen erlikia ere bai.

Aralar mendia bere osoan paradisua da naturan ibiltzea maite dutenentzat: mendiz alde batean, Plazaolaren Natur Bidea, Larraun errekaren iturburura daraman ibilbidea edota Astizko kobazuloen bisita daude eta, mendiz beste aldean, berriz, Sakana eta trikuharrien bidea edo Uharte-Arakil bezalako herriak. Uharten artzain zakurren lehiaketa egiten dute eta handik bertatik pista bat abiatzen da santutegiraino iristeko. Neguan, elur handia bota badu, iraupen eskia egiteko toki egokia da Aralar.

ARALARKO SAN MIGELEN KONDAIRA

Aintzina Aralarko mendietan herensuge bat bizi omen zen. Inguru haietako herritarrak dardara batean bizi ziren. Herensugeak, gose zenean menditik jaitsi eta beldurgarrizko triskantza eta sarraskiak egiten zituen. Jendea atzapar artean hartu eta mendian zeukan leizezulora eramaten zuen, hantxe bertan oparo jateko.
- Zenbat izan dira gaur...?
- galdetzen zioten herritarrek elkarri.
- Jainkoak daki...! -izaten zen erantzuna-. Bat edo bi irentsi dituenak eta atzapar artean beste pare bat zeramana...

Iluntzero, hil-kanpai hotsa entzuten zen eliz-dorrean, negarra eta aienea herrian. Herensuge hura hilko zuenik ez zegoen bitartean halaxe jarraitu beharko zuten...
Azkenean, luze eztabaidatu ondoren, herri haietako bizilagunek erabaki mingarria hartu behar izan zuten: egunero-egunero herensugearengana norbait bidaltzea haren janari izateko. Horrela, herensugea ez zen herri haietara jaitsiko.
- Hori ez! - esan zuten emakumeek.
- Beste zer egin dezakegu...? - galdetu zuten gizonezkoek -
Zuentzat bezain mingarria da guretzat. Inork ez baitugu herensugearen hortzetan hil nahi...! Baina, mendian edukiko badugu, nola edo hala ase egin behar dugu piztitzar hori... Bestela herrira etorriko zaigu... eta orduan gehiago izango dira irentsi eta hildakoak. Honela, ordea, ez da bat besterik izango...!

Eta hartutako erabakiak agintzen zuen bezala, zozketa egiten zen ilunabarrero herriko enparantzan. Gaur herri batean, bestean bihar, hurrengoan etzi eta honela, txandaka, inguru haietako herri guztietan.
Zotzik motzena ateratzen zuenak, herensugearen leizezuloaren ondora joan behar zuen, egun hartako janari izateko...!

Behin batean, neskatxa batek jaso zuen zotzik motzena eta etxeko guztiei agur eginda leizera joan zen, dardarka.

Egun haietan, Aralarko mendietan Teodosio izeneko zaldun gazte bat bizi zen. Bere gurasoak ezbeharrez erahil zituelako erabat damututa, penitentzia bat betetzen ari zen: burdinezko oinetakoak jantzita, kate luze bat gerrian lotuta, Aralarko mendietan zehar, batetik bestera ibili behar zuen, bere etxera itzuli gabe, harik eta oinetakoak eta kateak puskatu arte...!
Herriko neskatxa gazteak Teodosiorekin topo egin zuen, herensugearen leizezulora zihoanean. Zaldun gazteak honela galdetu zion neskatxari:
- Nora zoaz...?
- Ai Teodosio, Teodosio...! - kexatu zen neskatxa -. Handia da zure zorigaitza, baina nerea ez da txikiagoa...! Zotzik motzena atera nuen atzo eta hemen nago, herensugea leizezulotik irten eta noiz irentsiko nauen zain.
- Zoaz etxera eta ni geratuko naiz hemen zure ordez - erantzun zion Teodosiok -. Kate hauek ez daukat inola ere puskatzerik. Eta beharbada Jainkoak bere barkamena emango dit horrela...
Eta hau esanda, herensugearen leizerantz zuzendu zituen Teodosiok bere pausoak, eta leizearen parera iritsi zenean, gerritik zintzilik zeraman kate luze hura zuloaren atariraino luzatu zuen.

Eguerdia edo izango zen herensugea leizezulotik irten zenean. Teodosiok luzatu zion katea irensten hasi zen, belarra balitz bezala. Beldurgarria zen herensugearen ahoa, zorrotzak haren hortzak, handiak eta biribilak haren begiak, luzea eta lodia haren gorputza, distiratsuak haren ezkatak, motzak eta gogorrak haren hegoak eta sua bezalakoa haren sudurretako arnasa...!
Driki-draka ari zen herensugea katea jaten eta irensten. Gero eta gertuago ikusten zuen Teodosiok herensugea, eta gero eta handiagoa zen ematen zion beldurra. Pozik ihes egingo zukeen, baina ezin...! Hura herioa, hura! Katea puskatu behar ihes egingo bazuen, eta ez zen munduan kate hura puskatuko zuen gizonik...!
Estuasun hartan, Teodosio zaldun gaztea oihuka hasi zen:
- Lagun iezadazu, lagun iezadazu Mikel goiangerua...!
Eta zeruko goialdetik, Mikel aingeruak erantzun zion:
- Banoa! Ondo irabazia duzu gure laguntza...! Jainkoa eta bion artean askatuko zaitugu! Zaude lasai...!

Eta Teodosio, bere burua herensugearen aho barruan ikustera zihoan une hartantxe, agertu zen San Migel. Honek ezpataz moztu zion burua herensugeari eta ez hori bakarrik... Horretarako egin behar izan zuen indarraren indarrez, herensugearekin batera, Teodosiori ere moztu zizkion bere kateak...! Eta Teodosio, pozez lehertu beharrean, etxera itzuli zen.

Aralarko San Migelen santutegira inoiz joaten bazara, hantxe bertan ikusiko dituzu leizezuloaren ahoa eta Teodosioren kateak gordeta.

Geroztik, Euskal Herriko zaindari dugu San Migel. Eta horregatik, abesten diogu:
Mikel, Mikel, Mikel guria
zaindu, zaindu, Euskal Herria...!

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Nahi izanezkero edo ibilbide hau