-
-
419 m
48 m
0
2,6
5,3
10,58 km

Bisitak 254, kokapena 2

Nondik gertu Pagoaga, País Vasco (España)

Añarbeko urtegitik gertu, Urumea ibaiaren ertzeraino jaisten den baso bikain honen lurrak Donostia, Errenteria eta Hernaniko mugetan zabaltzen dira. Ingurune berde honen bihotzean sartu gara, bere erraiak zeharkatu ditugu eta oraindik oso egoera onean kontserbatzen den pagadi bikaina aurkitu dugu, garai batean Hernaniko lurretan izan ziren pagadien lekuko isil eta bakarra. Donostiak Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan, balio handiko elementu asko dituzten Oberan eta Errekabeltz lursailak ditu eta Errenteriako udalarekin batera, Baso Erreserba Eremua izendatzeko eskaera egin diote Eusko Jaurlaritzari, bere balio ekologikoengatik babes altuago behar dutela uste baita.

Saratze
Urumearen ertzean dagoen aisialdi gune honetan uda partean jende asko biltzen duen Ugaldetxoko taberna-jatetxean eman diogu hasiera gure gaurko ibilaldi honi. Bidea oso ondo balizaturik dago (PR-Gi 1001) eta erraza gertatu zaigu bide zuzena aukeratzen. Jatetxearen ondotik ateratzen den pista zabalean zehar eman ditugu lehen urratsak eta azkar iritsi gara egurrezko informazio-taula baten ondora. Ezker aldetik datorren pista utzi eta gorabehera handirik gabe erraz egin dugu aurrera. Menditik jaisten diren errekastoek pista zeharkatu eta ibai zabalean isurtzen dituzten ur garbi eta gardenek inguruari itxura heze eta bustia ematen diote. Haize bortitzak eraitsi dituen bi haritzen adar artean sartu eta bidera itzuli gara.
Urumea ibaiaren bestaldean dagoen Irakurri “penintsula” inguratuz bailara txiki baten ondora heldu gara eta aurrerago baserri batekin egin dugu topo. Hona iritsi baino lehen, bide-seinale zuri eta horiek norabidea aldatu eta aldapan gora jarri gaituzte. Hemendik aurrera aldats gogor bati ekin behar izan diogu zuzen, pistatik hasieran eta bidezidorretik beranduago eta mugarriak beti lagun. Lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi orduko, haritz, gaztainondo eta pago artean hedatzen den aldapa piko honen azken metroak koniferoen landaketa batean bete ditugu eta bere garaiera handienera igotzean Saratzeko tontorrean dagoen erpin geodesikoa aurkitu dugu haitz, pago eta garo artean.

Lizarregiko zabala
Gailur honetatik aurrera, gainez gain joan gara Oberango pagadiaren babespean. Bide osoan zehar, seinale zuri eta horiez gain, mugarriak izango ditugu bide erakusle. Orbela zapalduz, Saratzeko tontorretik jaisten hasi gara eta berehala beste aldapa txiki bati ekin diogu Notixitxar izeneko gainera heltzeko. Basoaren dentsitateak ez digu utzi Añarbe aldera dagoen paisaiaz gozatzen. Pagadiak bere biluztasunean jantzirik ederrenak erakutsi dizkigu. Galdutako hostoek estaltzen duten lur orbeltsu, zeruari so luzatzen diren adar gihartsu eta enborren azal zimurtuek osatzen duten postal ederra, Oberango baso honen balio naturalaren erakusgarri da.
Ingurune paregabe honetan, aldapa txiki bat jaitsi eta mugarriek erakusten diguten norabidean, Gorostegiko gainera igo gara, gaurko hirugarrenera hain zuzen ere. Bidezidor erosoak azken muinoaren oinera gerturatu ostean, azken malda motz baina pikoari ekin diogu. Untzegiko gainera heltzean, bidea leundu egin zaigu eta Urdaburuko tontorra gertu, Pagosarde eta Listorretara doan bidea utzi eta Lizarregiko zabalerantz zuzentzen dena jarraitu dugu. Atzean laga dugun pagadiaren azken arrastoak galdu eta pinudi batean sartu ondoren, erraz heldu gara Lizarregiko zabalera. Oberango baso trinkoa desagertu eta mendiaren biluztasuna zabaldu zaigu begien aurrean. Pagoen erreinua eta ezerezaren erbestea. Eroritako baserri baten ondotik pasa eta sigi-sagan jaisten den pista zabaletik berehala jaitsi gara egurrezko mahai, txabola txiki eta iturri batez osatutako Aparraingo atsedenlekura. Langaren ondora jaitsi eta hau pasa ondoren, berriro bat egin dugu pista nagusiarekin. Hemendik, bidea ezaguna gertatu zaigu eta minutu gutxi batzuk behar izan ditugu abiapuntura iristeko.

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Si quieres, puedes o esta ruta