-
-
783 m
576 m
0
1,1
2,2
4,41 km

Bisitak 119, kokapena 4

Nondik gertu Arditurri, País Vasco (España)

Sarrera
Ibilbide honek gure herriko historiaurreko harrespil-multzo garrantzitsuenetako bat bisitatzeko parada eskaintzen digu. Oiartzunen, “Mairubaratza” izenez ezagunak diren monumentu megalitiko hauek, mendeetan zehar artaldeen joan-etorrien lekuko izan dira. “Mairu” hitza euskal mitologiarekin lotuta dago, izen honekin kristauak ez diren pertsonak izendatzen dira, bataiatu gabeak. Artzantza jarduerarik nagusiena izan zen garaietan, artaldeak Nafarroako mendietatik atera, Ezkurra ibaiak bustitzen dituen Doneztebe, Saldias, Ituren eta Zubieta herrietatik pasa eta Arantza herrian barrena, Oianlekuko parajeak igarotzen zituzten Hondarribia eta Donostiara heldu aurretik. Egun, oraindik, inguru hauetan zaldiak eta artalde gutxi batzuk ikus ditzakegu larrean bazkatzen.

Kausorotik Munanierrera
Kausoro izenez ezagutzen den zabaldian hasi dugu ibilladia. Abian jarri eta berehala “Kauso I” eta “Kauso II” izenez ezagutzen diren mairubaratzak topatu ditugu. Gure ezkerrera izei-multzo bat eta errepidea utziz, Munanier tontorrerantz zuzentzen den bidezidorra hartu dugu. Altura hartzen dugun heinean, aldapa leundu egin da eta lehen izerdi tantak bekokitik irristatzen hasi direnerako gailurrean gara. Harri-multzo batean, Lezoko mendizaleek jarritako danbolin batek gutunontziaren funtzioa betetzen du eta hogei bat metro aurreraxeago erpin geodesikoa. Gure begien aitzinean lurra eta ura. Zirkuluan irekitzen den panoramikak, Aiako Harria, Jaizkibel, Larrun eta Artikutza gertu, Aralar, Aizkorri, Ernio eta Izarraitzeko mendilerroak, berriz, urrutiago eta Errobi ibaiaren bokaletik Matxitxakoraino itsasertzak marrazten duen lerroa erakusten digu.

Munanierretik Oianlekura
Ikuspegi ederraz gozatu ostean, bidezidorra utzi eta iparralderantz maldan behera abiatu gara, bide seinalaturik gabe. Laster, berriz, errepidean gara, hau gurutzatu eta pista zabal bat hartu, ezkerrera batere nabarmentzen ez den mairubaratza bat utzi eta pagadian murgildu gara. Garai batean, inguru hauek pagadiz beterik zeuden, baina gizakiak eragindako eraldaketengatik, baso trinkoen ordez hainbat lekutan larre zabalak eta koniferen landaketak aurkitu ditugu. Lehenengo pagoan, GR-121ari (Gipuzkoako Bira) dagozkion bide-seinaleak ikusi ditugu eta tarte txiki batean izan ezik, abiapuntura iritsi arte ez ditugu galdu. Malda amaitzen denean, pistak Oianlekuko Hegoko mairubaratzak dauden muinoa inguratu eta atsedenlekura eraman gaitu. Iturri eder bat, egurrezko mahai batzuk eta batere zaindu gabe dagoen aterpe txiki bat pagadi bikain batean txertaturik. Atzean utzi eta pagaditik atera ondoren, Oianlekuko Iparraldeko mairubaratza ezagunetara heldu gara.
Oianlekuko parajeetan Eneolitoko Burdin Aroko bi harrespil-multzo daude. Iparraldean kokaturik dagoena zazpi harrespilez osaturik dago baina ezagunenak elkar ukitzen duten bi dira, lehenengoa 9,5 metroko diametroa duena eta bigarrena 6,80 metrokoa. Hauek, 1976. urtean J. Altunak eta P. Aresok induskatu zituzten, gainontzeko monumentuak induskatu gabe utzi zituztelarik. Ikerketa hauen ondorioz material ezberdina aurkitu zuten: lur-azalean, printzak, zeramika zati itxuragabeak, egur-ikatza, giza-hezurren zati kiskaliak eta igitai-alea; sakonean berriz brontzezko eraztun bat, giza-hezur kiskaliak, eta beste gai batzuk. Aurkikuntza guzti hauen arduraduna Aranzadi Zientzia Elkartea izan da.
Zientzialari hauek diotenez, hemen aurkitutako harrespil hauek giza-hezur zati kiskaliak lurperatzeko erabili ohi zituzten, ondorioz errausketa ez zen bertan egin. Halere bazitekeen lehenago ehorzketa egitea eta ondoren gorpuzkinen inguruan harrespila eraikitzea edo monumentua altxatu eta ondoren gorpuzkinak lurperatzea.

Oianlekutik Kausorora
Monumentu megalitiko interesgarri hauek bisitatu ondoren, aurrean dugun aldapatxoa igo eta Basate izenez ezaguna den inguruan ia nabarmentzen ez diren beste sei mairubaratz aurkitu ditugu. Hauek bisitatu eta berriz atsedenlekura itzuli gara, aterpearen eskuinetik ateratzen den xenda hartu eta GR-121aren seinaleekin berriz topo egin arte jarraitu. Adar gutxiko eta enbor luzeko pago gaztez beteriko pagadian zehar abiatu gara, pago-hostoak orbeldurik lurreratzen diren pista estaltzen dutelarik. Pagadia atzean utzi eta ler txurien (Pinus nigra) pinudian sartzean berdez margoturiko langa metaliko bat igaro dugu. Pinuditik atera eta berehala bidegurutzean, aurrera zuzen jarraitu dugu. Kausorora heldu aurretik eta bide-seinaleak jarraituz, zenbait errekasto zeharkatu, beste langa metaliko bat pasa eta abiapuntura iritsi gara.

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Si quieres, puedes o esta ruta