-
-
1.428 m
925 m
0
5,3
11
21,22 km

Bisitak 125, kokapena 4

Nondik gertu Orreaga, Navarra (España)

Gaurko ibilbide balizatuan, Orreagatik hasi eta Urkullu mendira joan gara. Kotxea Orreagan genuenez, Orreagara bueltatu gara. GR65 (done Jakue bideko Frantses bidea) eta GR12 (Euskalherriko bidea) bide balizatuak jarraitu ditugu.

Oharra: Orreagatik Lepoederra, maldan gora (bide laburretik joan gara) eta, itzultzean, Lepoederretik Orreagara (bide luzetik bueltatu gara), Errolan harritik pasatzen dena, elur dexente zegoelako. Bi bideak marka txuri-gorriz markatuta daude (GR).
--------------------------------------------------
Orreaga

Karlomagnoren porrota handiak eta Donejakue bideak egin zuten gogoangarri Orreaga, hots, ibiltarien eta erromesen aterpea, elezaharren habia eta kulturen topalekua. Kolegiata Ibañetako mendatearen berokian eraikia dago eta bere horma sendoek negu gorritik babestuko zaituzte eta, aldi berean, batailaz zein mitoz beteriko mundura eramanen dute zure gogoa.

Historiak eta elezaharrak bat egiten duten pasabidea da Orreaga, Nafarroako Pirinioetako oihan ikusgarriz inguratutako leku ederra. Erromes gehienek mila hektarea inguru dituen toki hau aukeratzen dute, Espainiako Donejakue bideari ekiteko.

Erdi Aroko arkitekturaren adibide bikaina da Orreagako Kolegiataren monumentu-multzoa, mitoaren lurraldea esanen genuke. Lehenago, erromesentzako ospitalea izan zen eta han dago errege Antso VII.a Azkarraren hilobia.

Mendebaldeko Pirinioetako mendi tontorrak gorantz hasten diren inguruan, Aurizko ordoki zabaletik hurbil eta Ibañetako mendatearen oinean, hantxe dago zutik Orreaga. Pirinioetako pasabide naturala da eta hantxe gertatu zen, hain zuzen ere, Orreagako Bataila (778), hots, frankoen armadaren porrotik mingarrienetako bat. Batailan hilik gertatu zen Frantziako zaldun hoberena -Errolan- eta Karlomagnok negar egin zuen haren heriotzaren berri jakin zuenean.

Pagadiz, izeidiz eta hariztiz jantzitako inguruan, handi eta dotore agertzen zaigu Orreagako Andre Mariaren Kolegiata. Lehenago, erromesentzako ospitalea izan zen eta, zalantzarik gabe, Donejakue bidearen lekurik ezagunenetakoa da.

Kolegiata XII. mendearen eta XIII.aren hasieran eraiki zuten. Sarrerako zelaiak Priore Etxera eta Liburutegi Museora eramanen gaitu eta, gero, ganga murriztuko tunel txiki baten bidez, eraikuntza nagusietara iritsiko gara.

Andre Mariaren kolegio-eliza zaharberritua 1219an sagaratu zuten. Frantziako gotikoari jarraiki egina dago eta XIV. mendeko dorre bat du defentsarako. Aldare nagusian Orreagako Andre Mariaren irudia dago (XIV). Zilarrez estalitako zurezko tailu gotikoa da eta, elezaharraren arabera, mirariz agertu zen. Zehazki, adarretan bi argi zituen orein batek gauez iragarri omen zuen agerpena.


Inguru liluragarri honetan badira beste eraikuntza batzuk, esaterako: Donejakue eliza -erromesen eliza ere deitua-, eta eraikin zibilak, ospitale zaharra bezala (1802tik 1807ra eraikia), edo museo-liburutegia, XIX. mendearen bukaerakoa. Azken horretan ikusgai daude Orreagak mendez mende arteari begira gorde dituen altxorretako batzuk, esate baterako, Karlomagnoren xake jokoa. Urrezko filigranaz apaindutako zilarrezko erlikia-ontzi esmalteduna da, Erdi Aroko esmaltegintzaren lanik hoberenetakoa; Altxorraren Ama Birjina; edo zilarrezko ebanjelio-liburu erromanikoa. Han bertan aurkitu daitezke ere Benefiziodunen Etxea (XVIII), hotela bihurtuta, eta Itzandegia deitutako etxea. Azken hori hasierako ospitalea izan zen, bai eta -luzaroan- Ama Birjinaren lehen santutegia ere.

Urkuluko dorrea

Urkuluko dorrea Urkulu mendiko tontorrean dagoen erromatar dorrea da, Nafarroako Orbaizetan dagoena.

1976an Jean-Luc Tobie arkeologoak erromatar garaikoa zela esan zuen, k. a. I. mendean Akitaniaren konkista ospatzeko eraikia. Eraikinak konkistaturiko lurraldeen hegoaldeko muga osatzen zuen. 1990eko indusketa-lanetan erabilera hori berrestu zuen aldare bat topatu zuten. Dorreak Amustegi mendatea babesten zuen, Ab Asturica Burdigalam galtzadaren Iruñea eta Akize arteko tartean pasabidea zena.

Kono-enbor itxurakoa, oinarrian 19,5 metroko diametroa eta tontorrean 3,6 metrokoa ditu. Jatorrizko altuera 4,5 metrokoa omen zen. Hormen lodiera 2,6 metrokoa da eta barnealdean oraindik jatorrizko hargintzak dirau.

Dorretik metro gutxietara XVIII. mendeko gotorlekua dago, 1793ko Konbentzio Gerran erabilia.

Orreagako gudua

Orreagako gudua 824an jazotako gudu ospetsua izan zen; baskoien armadak karolingiar espedizio militarra mendean hartu zuen. Gudua Orreagako lehenengo gudua baino 46 urte geroago izan zen, eta, aurrekoak ez bezala, ondorio politiko garrantzitsuak izan zituen: guduan Eblo eta Aznar Antso kondeak preso hartu zituzten eta, segidan, Oroel haitzean, Jakatik gertu, baskoi nobleek Eneko Aritza errege goratu eta Iruñeko Erresuma burujabea sortu zuten.

824an, Pipino I.a errege frankoak eta bere menpeko iparraldeko jaun baskoiak berriro armada bidali zuten Iruñera. Armada zuzentzeko Aznar Antso (agian Lupo dukearen semea), Gaskoniako gudarosteen buruzagia, eta Eblo (Aeblus et Asinarius comites cum copiis Wasconum ad Pampilonam missi) kondeak hautatu zituzten. Espedizio militarrak hegoalderako bidea hartu zuen matxinadaren hiriburua zen Iruñea menderatzeko asmoarekin. Gotorlekura iritsi eta erresistentzia topatu ez zuenez, itzulerako bidea hartu zuten arpilatutako ondasunekin.

Hala ere, Orreaga-Garaziko inguruko mendietan (omeiatar kronikarien arabera), iruindarrez (Eneko Aritzak zuzenduak), Banu Qasiz eta aragoiarrez osaturiko baterako armada basoetan ezkutaturik zegoen. Baskoiek bi zutabeak eraso zituzten bere eremuan eta karolingiar armada erabat suntsiturik izan zen. Gainera, Eblo eta Aznar Antso kondeak preso hartu zituzten.

Karolingiarren porrotaren ondorioz, bi kondeak norako ezberdinak izan zituzten: Eblo frankoa gatibu bidali zuten Kordobara; Aznar Antso, berriz, garaileen herrikidea zenez, aske utzi zuten (Asinarius vero misericordia eorum, qui eum ceperant, quasi qui consanguineus eorum esset). Eblo kondearen destinoa orduko Banu Qasi-Aritza taldea eta Abd ar-Raman II.a emirraren arteko harreman onen froga izan zen, agian emirra karguan berria zelako (822).

Politikoki, Eneko Aritza Iruñeko buruzagi ukaezin bilakatu zen. Baskoi printzerri berria Baskoniako dukerri frankoarekin bere loturak hautsi zituen eta Banu Qasirekin izandako aliantzari esker hegoaldeko erasoak ere urrunago zeuden.

Iturria: Nafarroako erresuma eta Wikipedia (moldatua).

Kokapenaren inguruko iritzi eta galderak

    Si quieres, puedes o esta ruta